Extremadura es el principio8Foto© hoy.es

Extremadura es el principio

, 10 noticias, 0 vistas

EZAGUN batek esan berri dit Extremadurakoak ez duela gurearekin zerikusirik. Harrituta geratu naiz.

Extremadura ez da Schleswig-Holstein izango, baina gaur egungo mundu zorionez edo zoritxarrez globalizatuan Alemaniako estatu federal urrun batean gertatzen direnek eta ez direnek (hauteskundeen emaitzez ari naiz) eragin zuzena izan dezakete “gurean”, zer esanik ez Espainiako Erresuman dagoen erkidego ez hain urrun batean gertatzen direnek.

Txile, demagun, ezin urrunago dago, adibidez, baina han hautatu duten presidente berriaz, eskuin muturreko José Antonio Kast horretaz, asko hitz egin da “gurean”, gehienok uste baitugu afera kezkatzeko modukoa baita. “Gure” hori zer den ere zehaztea ez legoke gaizki. EAE? EAE gehi Nafarroa? Euskal Herri osoa?

Egia da “gurean” Extremaduran ez dauden alderdiak ditugula, EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, UPN, Euskal Herria Bai, egitura sozioekonomiko eta kultural desberdinak ez aipatzeagatik, eta hainbat lekutan (EAEn eta Nafarroan) alderdi horiexek dira gobernuetan daudenak (bide batez, Schleswig-Holsteinen ere badute gutxiengo danimarkar eta frisiarrak ordezkatzeko alderdi bat).